Kontua ez da dendaz denda ibiltzea, ibilbide bat egitea baizik

2017ko Abenduaren 22a

Ezagutu al daiteke hiri baten arima bertako denden bitartez?

Hemengo Shoppingen, baietz uste dugu. Horregatik, oso ibilbide bereziak sortu ditugu.

Ibilbide horiek hiria bertako saltokien bitartez ezagutzeko aukera ematen dute. Nahikoa al da, bada, Guggenheim Museoa, Kontxa edo Artium Museoa bisitatzea hiria ezagutzeko? Dendek aukera aparta ematen dute jendearekin harremanetan jartzeko eta haren adierazpenak, gustuak, kultura, moda, gastronomia eta abar ezagutzeko. Jenderik bertakoenak dendarik bertakoenetan egin ohi ditu erosketak, eta nabari da. 

Gasteizen eta Donostian, bi ibilbide mota antolatu dira abenduaren 20tik 30era bitarte: familia-ibilbidea eta Gabonetako Shopping ibilbidea. Lehena haurrei zuzenduta zegoen, eta opari-dendak, mozorro-dendak, gozo-dendak eta liburu-dendak izan ziren nagusi. Ibilbidea egin ondoren, nekez geratuko zen haurrik Olentzerori zer opari eskatuko zizkion jakin gabe.

Bigarren ibilbidea Gabonetako Shopping ibilbidea izan zen. Helduagoei zuzenduta zegoen, eta hiriko historia eta bitxitasunak beste era batera kontatzea zuen helburu, bertako saltokietarako bisitak tartekatuta. Gauza bat ongi ikasi dugu: saltokiak historiaren parte dira. Ibilbide horrek, gainera, aho-zapore ona utzi zigun denoi, dastaketa batekin amaitu baitzen. Gozo-gozoa.

Bilbon, bestalde, beste bi ibilbide antolatu dira: moda-ibilbidea eta ibilbide gastronomikoa. Bisitatutako denden artean, alde batetik arropa-dendak eta oinetako-dendak, eta bestetik elikagaien sektoreko saltokiak izan ziren nagusi. Bi ibilbideak mokadu batekin amaitu ziren. Benetako luxua Bilbo horrela ezagutzea.